2018/11/20

"EUSKARA BILDUMA"


Euskaraldiarekin bat eginez, "Euskara bildumako" lau liburu aurkezten dizkizuegu, etxeko txiki zein handiei kontatzeko.

Porrotxen herrian euskaraz bizi eta mintzo dira denak, zahar zein gazteenak. Etxean, eskolan, parkean, frontoian eta abar.  Porrotxek ere euskaraz egiten die denei. Hirira joaten denean, ordea, ohartzen da beste ahots eta hizkuntzak ere badirela. Badirela euskara hain ohikoa ez den lekuak ere.



Marimotots Extremaduran jaio zen, eta gazteleraz mintzo zen han. Haurra zenean heldu zen Euskal Herrira, baina bertako hizkuntza ezagutu gabe, ez zituen ulertzen kontu asko, eta arraro sentitzen zen. Astiro-astiro, ordea, euskarazko hitzak ikasten hasi zen, bizikletaz ibiltzen bezala, lagunei jarraika, azkenean egun batean euskaraz amets egitea lortu arte. 



Euskaldun petoa ez ezik, euskaldun kontzientea ere bada Pirritx. Euskara munduari begiratzeko leihoa dela dakiena. Bereizten gaituena. “Hizkuntza dira betaurreko ikusezinak, munduari begiratzeko zeuen neurrira eginak”. Horren jakitun, hizkuntza zaindu nahi du, altxorra delakoan.



Pupu eta Lore haurrak dira, eta euskara dute ama-hizkuntza. Hizkuntzaren doinua jaso zuten txiki-txikitan, erdi lo zeudenean Pirritxen tripan. Transmisioaren garrantziaz ohartarazi nahi duen liburua da.